Euskalgintzaren Kontseiluak “Pizkunderako Erronka” aurkeztu du eta proposatutako helburuan artean, besteak beste, 10 urteren buruan 300.000 euskaldun berri lortzea eta euskeraren erabilerak 5 puntu irabaztea, %20ko langa gainditzeko. Plangintzak bost ardatz ditu: bat, murgiltze eredua hedatzea (D). Bi, helduen euskalduntzea doako eskolekin eta lan mundua euskalduntzea. Hiru, aurrekontuaren %2 hizkuntza politiketan inbertitzea. Lau, euskeraren ofizialtasuna Euskal Herri osoan lortzea. Eta bost, euskaltzaleok antolatzea eta ahalduntzea euskeraz bizitzeko.
Kontseiluak aurkeztu duen Erronka aukera ona zen euskal gizarteak hizkuntzaren ikuspegitik eta dituen erronka sozialetatik diagnostiko sinesgarria egiteko. Egungo errealitate konplexua, nahasia eta koskaz beterikoa islatu beharrean, Erronketan ez da oraingo egoera tamalgarriaren gako nagusi batzuk aipatu ere egiten. Proposatzen duena da, funtsean, ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea eta diru publikoa handitzea datozen hamar urtean, euskerak aurrera egin dezan. Horra hor planak duen zorroztasun, sakontasun eta fintasun guztia.
Kontseiluak aurkeztu duen plana Alizia herri miresgarrian kontakizunaren pentsamenduaren moldean sartu dezakegu. Mundua aldatu nahi baina zailtasunak eta kontraesanak alde batera utzita. Borondatea edo desira izatea nahiko omen dira aldaketa hori egia bihurtzeko. Eta hori egiten du, hain zuzen ere, Kontseiluak, helburu sorta bat zehaztu, hauts magikoak bota eta txanotik estrategia bat atera du. Euskera, ordea, hauskorregia da magiatan aritzeko.
Bestalde,Kontseiluak hizkuntza larrialdia aipatu du. Guri “hizkuntza larrialdia” entzutean “klima larrialdia” edo “osasun larrialdia” datozkigu burura. Larrialdiak salbuespenezko egoera bat dakar gogora, hil ala biziko erronka da, eta premiazkoa denez, denok batera boga egiteko dei egiten du Kontseiluak. Oso esanguratsua egiten zaigu hizkuntza larrialdia kontzeptua, ideologia globalistak mundua kontrolatzeko baliatzen duen hitz berbera erabiltzen duelako Kontseiluak.
Plan honek fantasia ideologikoa du abiapuntua, ez errealitate gordina. Esaerak ohartarazten digun bezala: “ezin dugu jarri gurdia idi paren aurretik”. Hemen helburuak abiapuntu dira, ez dira abiapuntuko emaitzen ondorio: ofizialtasuna, dirua gehitu, ahalduntzea, ezagutza unibertsala … asmo hutsak dira eta ez dakigu nola lortzen diren helburu horiek. Helburuak errealitatearen sostengurik gabe, gurari multzo bat baino ez dira.
Bestetik, datu soziolinguistikoak hor daude. Badirudi Kontseiluak ez dakiela zer den soziolinguistika. Siadecok UEMArako egindako azterketa hor dago eta bere ondorioak lurralde osora eraman daitezke: Euskal Herria (euskaldunak, euskeraren herria) desagertze prozesu bizkorrean sartuta dago baina Kontseiluak eta UEMAk ostrukarena egiten dute.
“Pizkunderako Erronka” planean ideologia jakin bat dago. Horren arabera, errealitatearen alde batzuk ezkutatu, eta beste batzuk nabarmentzen ditu. Alegia, jatorrizko euskaldunen garrantzia, familia euskaldunen beharra eta euskal komunitatearen trinkotze eta birsortzeko beharra erabat ezkutatzen ditu. Eta, aldiz, erakunde publikoen interbentzionismoa eta diru publikoa gailentzen ditu. Lidergo instituzionala esaten diote. Bide honetan, euskaldunak erakundeetan presio egiteko mailu bat baino ez dira.
Azken batean, Kontseiluaren plan estrategikoak derrigortasun legala bilatzen du, ez besterik, Administrazioetan ezarritako hizkuntza eskakizunekin egin den bezala eta nora heldu garen ikusten dugunean (eskakizuna atera ondoren inoiz euskera erabiliko ez duten milaka sasieuskaldunak sortuz, hau da, Irlandako eredua).
Horregatik, Kontseiluaren erronketatik kanpo gairik korapilatsuenak gelditu dira, baina orain gertatzen ari dena ulertzeko garrantzitsuenak direnak: emigrazioa izatetik ordezkapen demografiko bihurtu den olatua, bertakoen demografia urria eta hori sortarazi duten ideologiak eta politikak (gazte erdiak ez du seme-alabarik edukitzea aurreikusten), biziberritze prozesuaren gainbehera, kultura transmisioaren ahultzea, burujabetza ekonomikoaren galera multinazionalen presentzia hedakorrarekin, baserritar munduaren desagerpena, euskerazko gaitasun komunikatibo eskasa, euskalkien suntsipen antolatua Euskaltzaindiako kide erdiak kanporatu zituztenetik…
Natalitate urriak eta emigrazio olatuak gizarte osaketari, kulturari eta politikari eragiten die zuzen-zuzenean. Kontseiluak, ordea, euskerarekin zerikusirik izango ez balu bezala jarduten du. Deseroso egiten zaizkie gai hauek progresismoaren zutabeak errotik astintzen dituztelako. Esan nahi dugu, hemen jokoan dago herri bat; biziraun nahi duen herri bat. Ez dago jokoan justizia soziala, genero ideologia edo xenofobia abstraktu bat. Errealitate bera dago jokoan.
Datu batzuk ikus ditzagun: Euskal Herriko ugalkortasun tasa Europa osoko baxuena da. Ordezkapen tasa 2.1ekoa izanik, emakume bakoitzeko 1.1era ez da iristen hemen. Euskal Herrian jaiotzen diren umeen heren bat atzerriko amarenak dira eta laster erdia izango dira. Gazteen % 22 atzerrian jaiotakoak dira. Alta ematen diren 10 langileetatik 8 atzerritarrak dira. Eta etorriberrien uholdea handitzen joango da datozen urteetan ere, harik eta euskaldunen arrasto guztiak ezabatu arte.
Kontseiluak Kissengerrek diseinatutako herri naturalen desagerpenaren alde egiten du, eta, horretarako, berak bultzatutako ideologia suntsitzaile guztiak babesten ditu, gure kalterako!
Globalismoa gelditu ezean gureak egin du!
Izan Auzokrazia